Jon Benito

Itxina udaberrian, harkaitzetako loreen erresuma

Gorbeiako Parke Naturalaren bazter batean, Arratia eta Orozkoko lurretan, harrizko lapiko erraldoia altxatzen da larre berde eta goxoen gainetik. Itxina da, karezko gotorlekua, mendizale askoren buruan kontrako sentipenak sortzen dituena: batetik, bakea, lasaitasuna, bakardade desiratua; baina, bestetik, lanbroa tokiaz jabetzen denean, beldurra eta urduritasuna.

Itxina, Arratia eta Orozkoko lurretan altxatzen den harrizko lapiko erraldoia. (Jon BENITO)
Itxina, Arratia eta Orozkoko lurretan altxatzen den harrizko lapiko erraldoia. (Jon BENITO)

Antzinako itsaso tropikal batean sortu ziren Itxinako karearriak duela 120 milioi urte inguru, itsas moluskuen eta koralen fosilek ondo erakusten dutenez. Gero, urak eta izotzak azala higatu, zulatu eta ildaskatu egin zuten inguru karstiko hori, non ozta-ozta irauten duten pagoek eta hagin isolatu batzuek. Baina, udaberria iristen denean, karezko labirintoak loratu egiten du, momentu ederra ibilbide bat egiteko.

Horretarako, Pagomakurreko aparkalekutik abiatuko gara Atxulo edo Atxulaur Begira igotzeko (zuloak, berez, bisita merezi du).

Begia zeharkatu eta Itxinako harkaitzen artean egongo gara jada. Arroken zirrikituak lorez bete dira, irudimenezko lorezain batek diseinatu izan balu bezala; gure aldetik, patxadaz ibiltzeko unea iritsi da.

Arrabako zelaietara doan bidexkari jarraituko diogun bitartean, espezie ederrak eta kolore anitzekoak ikusiko ditugu. Kolore horia dutenen artean, adibidez, aipatzekoa da Erysimum gorbeanum. Izenak dioen bezala, espezie hori Gorbeian identifikatu zen lehen aldiz zientziarako.

Arroken espezifikoa ez bada ere, zorte apur batekin zitori horia (Lilium pyrenaicum) ikusiko dugu. Ardiek eta ahuntzek jaten dutenez, karezko horma batzuetan aurkitu du babesa landare eder horrek.

Begia zeharkatu eta Itxinako harkaitzen artean egongo gara jada. Arroken zirrikituak lorez bete dira, irudimenezko lorezain batek diseinatu izan balu bezala; gure aldetik, patxadaz ibiltzeko unea iritsi da

Kolore gorrixka, arrosa edo purpura dituzten loreak ere ikusgarriak dira; horien artean Erinus alpinus da, nire ustez, harriekin batera konposiziorik politenak lortzen dituena. Baina lore bakarra hartuta, mendiko larrosek (Rosa pendulina) eta krabelinek (Dianthus hyssopifolius) irabaziko dute; bigarrenak, gainera, usain delikatua duelako.

Bidexkari ekinez, konturatu gabe iritsiko gara Lexardiko saroira, atsedenleku bikaina Itxina osoa miresteko. Derrigorrezko argazkiak egin ondoren, Arrabako zelaietarantz jarraituko dugu harrizko bidexkatik, loreak bidelagun ditugula.

URDINAK ETA ZURIAK

Koloreen gaiari berriro helduz, urdinak ere baditugu bidean, hala nola hormetatik zintzilik dagoen Aquilegia pyrenaica, txiribiten familiako Aster alpinus edo diseinu bakana duen Phyteuma orbiculare (lorea bufoi baten txanoa dirudi).

Eta nola ez aipatu lore zuriak; sarritan protagonista nagusiak dira paisaian haien lore sortek zuloak eta lapiazak estaltzen dituztelako. Saxifraga trifurcata, Iberis carnosa eta Cerastium arvense dira horietakoak.

Apurka-apurka Kargalekura helduko gara, Arrabako zelaien eta Itxinaren arteko pasalekua. Larreotan, behor eta behien artean, eguzkitan etzan edo Gorbeiako Aterpean zerbait mokokatu dezakegu, telefono mugikorretan bildu ditugun loreen argazkiak partekatuz, konparatuz.

Ibilbidea amaitzeko, Pagomakurrera doan pista hartu eta hasierako puntura helduko gara, burua sentsazio koloretsuez beteta dugula.

Dagoeneko atzean utzi ditugu harkaitzetako loreak, intsektuekin duten ituna betetzen. Laster helduko da uda; harriak izugarri lehortu eta berotuko dira, eta ordurako haziek lurzoruan gordeta egon behar dute, hurrengo udaberrian lore eder horiek berpiztu daitezen. Aurten ere hala izango da, milaka urtetan zehar gertatu den bezala.

 

ASTER ALPINUS. (5-25 cm) Lore ederrak ditu, urdinak kanpotik eta horiak erdian. Harkaitzetako gandorretan eta larre harritsuetan bizi izaten da, baina zail samarra da ikusten. Babestuta dago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Flora Mehatxatuaren Katalogoan “Bakana” kategorian sartuta. Ekainetik abuztura loratzen da.

CERASTIUM ARVENSE. Belar txikia da (3-20 cm). Loreak zuriak dira, eta talde deigarriak sortzen dituzte harkaitzetan udaberrian. Arrakaletan, hartxingadietan eta erlaitz arrokatsuetan bizi da ia Europa osoko mendietan. Haren haziek ile likatsuak dituzte eta, horiei esker, animalien larruazalera itsatsi eta sakabanatu egiten dira.


AQUILEGIA PYRENAICA. Oso arrunta den Aquilegia vulgaris (kuku-belarra) landarearen antzekoa da, baina txikiagoa (10-30 cm). Lore urdin edo lila ederrak ditu, handiak, bakoitzak atzean ezproi luze bat duela (nektarioen gordelekuak). Harkaitzetako  arrakaletan bizi da. Endemismo piriniar-kantauriarra da eta, ikustea erraza ez den arren,  maiatzetik uztailera aurki daiteke gure mendietan.

CLINOPODIUM ACINOS. Landare xumea da (4-28 cm). Loreak urdinak edo moreak dira, eta bi ezpain dituzte. Larre harritsuetan eta harrien artean bizi da eta erraza da ikusten gure mendi karedunetan. Lehortasunarekiko erresistentea denez, arrokaiak apaintzeko barietateak lortu dira xerolorezaintzan (ur gutxi kontsumitzen duena) erabiltzeko. Apiriletik irailera loratzen da.



CORIS MONSPELIENSIS. (10-30 cm) Lore txiki eta ugariak ditu, arrosak edo moreak. Lurzoru karedunetan eta eguzkitsuetan bizi da, batez ere Euskal Herriko erdian. Ezti-landarea denez, erleek estimatzen dute. Bestetik, sendabelar moduan erabili da hezurren hausturak eta kolpeak sendatzeko. Apiriletik abuztura loratzen da.


DIANTHUS HYSSOPIFOLIUS. (20-50 cm) Mendiko krabelin mota bat da. Loreek, arrosa kolorekoak, usain delikatua dute. Petaloak sakonki banatuta daude eta lihazkiak dirudite. Larre harritsuetan eta harkaitzetako erlaitzetan bizi da, baita itsaslabarretan ere. Erraza da aurkitzea Euskal Herriko erdialdeko eta iparraldeko mendietan. Udaberriaren amaieratik irailera arte loratzen da.


ERINUS ALPINUS. (5-20 cm) Harkaitzak apaintzen duen landaretxo alaitsua da. Haren loreak purpura-arrosak dira eta kuxinen antzeko multzoak sortzen dituzte. Kareharrien arrailetan eta pitzaduretan bizi da eta, arrunta denez, erraz ikusten da maiatzetik irailera. Erresistentea eta ederra delako, barietateak lortu dira lorezaintzan erabiltzeko.

ERISIMUM GORBEANUM. (10-40 cm) Izenak adierazten duen bezala, Gorbeian izendatu zen lehen aldiz, Aldamin mendian, 1977. urtean. Loreak horiak dira eta lau petalo dituzte. Lapiazetan, erlaitzetan eta harrietako arrakaletan bizi da eta ez da zaila ikusten apiriletik ekainera. Bestetik, Iberiar Penintsulako ipar-erdialdeko endemismoa da.

EUPHRASIA ALPINA. Belar xumea da (5-20 cm). Loreak txikiak dira, zuriak edo moreak, eta zati hori bat dute. Larre harritsuetan eta erlaitz arrokatsuetan bizi da, belarren artean. Landare hemiparasitoa da, hau da, fotosintesia egin arren, elikagai batzuk beste landareak parasitatuz lortzen ditu. Maiatzetik urrira loratzen da.

GENISTA HISPANICA. Otabera arruntak 60 cm-ra arte neurtzen du, eta kuxinak diruditen talde estuak osatzen ditu. Udaberrian, lore hori ugariak sortzen dituenez, kuxin horiek nabarmen ikusten dira paisaian. Kostatik mendietara sakabanatzen da, arroken artean ere. Frantziako hegoaldeko eta Iberiar Penintsulako endemismoa da eta apiriletik uztailera loratzen da.

GERANIUM ROBERTIANUM. San Robertoren zaingorriak (10-50 cm) zurtoin eta hosto gorrixkak ditu. Loreak arrosak dira eta fruituak, luzangak, puntan amaitzen dira, kurriloaren mokoaren antzera (latinezko geranium hitzak kurriloa esan nahi du). Espezie arrunta da eta leku harritsu askotan bizi da. Urtarriletik irailera loratzen da.

 

HELIANTHEMUM NUMMULARIUM. Txikia da (10-30 cm), lore hori deigarriekin. Izen generikoa, antza, grezierako helios (eguzkia) eta anthemos (loratua) hitzetatik dator, loreak eguzkiaren argiarekin zabaltzen baitira. Lorezaintzarako barietate asko lortu dira berotegietan, polita delako.  Harrien artean eta hartxingadietan bizi da. Maiatzetik irailera loratzen da.


IBERIS CARNOSA. Belar txikia da (5-15 cm). Loreek lau petalo zuri, more edo arrosak dituzte, eta multzo estuetan sortzen dira. Fruitua zorro lehor bat da eta euri tanta batekin kontaktuan irekitzen da. Harkaitzetan eta arrakaletan bizi da. Espezie erresistentea denez, arrokaiak apaintzeko barietateak erabiltzen dira. Apiriletik uztailera loratzen da.

LILIUM PYRENAICUM. Zitori horia (40-100 cm) espezie deigarria da; izan ere, haren loreak dilindariak eta horiak dira, petaloak atzerantz irauliak dituztela. Endemismo piriniar-kantauriarra da eta eskasa da. Ardi eta ahuntzetatik babesteko, harrizko hormetan bizi da. Maiatzetik uztailera loratzen da.

LINARIA PROPINQUA. Landare txiki (15-25 cm) eta delikatua da. Loreak horiak dira eta atzeko aldean esproi luzea dute; hor daude nektarioak, intsektuentzat nektar elikagarria sortzen duten organoak. Horiei esker gertatzen da polinizazioa. Iberiar Penintsulako iparraldeko espezie endemikoa da (hots, zonalde horretan bizi da bakarrik). Apiriletik abuztura loratzen da.


PHYTEUMA ORBICULARE. Tamaina txikiko (15-50 cm) eta lore bitxiak dituen landarea da, bufoi baten txanoaren antza baitute. Kolore urdinekoak dira eta hodi itxura daukate. Nahiz eta arrunta ez den, harrietako gandorretan eta larre harritsuetan aurki daiteke, hori bai, udaberriaren amaieratik irailera arte.

ROSA PENDULINA. Mendiko arrosa txikia (30-130 cm) baina ederra da. Loreak gorri biziak edo purpurak dira eta kareharrien arrakalen artean nabarmentzen dira. Lapiazeko zuloetan babesten da mendiko haizeetatik. Fruitua arkakarats ezaguna da eta marmeladak eta infusioak egiteko erabili izan da. Maiatzetik abuztura loratzen da.

SAXIFRAGA TRIFURCATA. (10-30 cm) Harkaitzetako paisaiak edertzen dituen espezie polita da. Loreak zuriak dira eta kareharrietan multzo ikusgarriak eta deigarriak osatzen dituzte. Harrien pitzaduretan eta arrakaletan bizi da. Iberiar Penintsula iparraldeko endemismoa da. Maiatzetik uztailera loratzen da.

THYMUS PRAECOX. Erle belarra (5-10 cm) ezkaien taldekoa da. Lore purpurak ditu, txikiak baina ugariak eta horregatik bihurtzen da ikusgarri kareharrietan. Harkaitzetako erlaitzetan, pitzaduretan eta larre harritsuetan bizi da. Erraza da ikusten Europako erdialdeko eta hegoaldeko mendietan. Maiatzetik abuztura loratzen da.

SEDUM ALBUM. Teilatu-belar zuria landare xumea da (8-20 cm) baina multzoetan sortzen denez, erraza da hartaz ohartzea. Loreak txikiak eta zuriak dira; hostoek, zilindrikoak eta haragitsuak, ura gordetzen dute eta horri esker arroketan, hormetan eta teilatuetan ere bizi daiteke. Maiatzetik abuztura loratzen da.

VICIA PYRENAICA. Belar txikia da (5-30 cm). Loreak bakartiak dira, purpurak edo moreak. Leku harritsuetan eta harkaitzetako erlaitzetan bizi da. Gainera, dituen estoloei esker (lurrean finkatzen diren zurtoinaren kimuak), etengabe mugitzen diren hartxingadietan ere bizi daiteke. Maiatzetik uztailera loratzen da, baina ez da erraza ikusten.